XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erromak komunitate haietako bakoitzarekin izan zituen harremanak desberdinak ziren.

Badirudi batzuekin besteekin baino adiskideago izan zirela.

Erromatarrek besteen barne-gatazka guztietatik probetxua ateratzen jakin zuten, noski.

Edonola ere, gatazka garrantzitsuen berririk ez dugu.

Baina adiskidetasun-harremanak izan zirenik ez dago frogatuta; ezta gutxiagorik ere.

Ebro inguruan erromatarrek jasotako defentsa-lerroa iparraldeko herrien aurkakoa zela dirudi.

Une batzuetan, baskoiak erromatar armadan mertzenario gisa zerbitzatzera iritsi ziren.

Baskoiek, K.a. II. mendetik aurrera, beren lurraldea hegoalderantz eta ekialderantz zabaldu egin zuten (Erromaren baimenarekin dirudienez).

IV. mendetik aurrera, euskaldun guztiei baskoi izena ezartzen zitzaien.

Garai bateko karistiar, barduliar... izenak alboratuta geratu ziren.

Euskal komunitate bat besteen kontura hazi zela somatzeko arrastorik ez dago, baina azkenaldiko erromatar arerioaren aurrean euskal komunitate desberdinak elkartu izanaren aztarnak badaude.

ZERTARA ETORRI ZIREN ERROMATARRAK?

Erromatarrek gure herrialdea kontrolatu nahi zuten; Euskal Herria Hispania eta Galia arteko derrigorrezko pasabidea baitzen.

Lurralde horiek menperatu egin behar zituzten Mediterranio, Ebroko bailara eta Bizkaiko itsasoaren arteko harremanak segurtatzeko.

Lurraldearen kontrola segurtatzeaz gain, merkataritzaz ere arduratu ziren erromatarrak.

Hala ere, bi alderdi bereizi zituzten gure lurrean: ager vasconum eta saltus vasconum izenekoak.

Ager deitutakoa, landutako lurra da eta gainazal laua adierazi nahi du.

Saltus delakoak basoz betetakoa, erliebe malkartsukoa eta larre arrunteko lurraldea zela adierazten du.

Bi alderdietako errealitate sozial eta ekonomikoak oso bestelakoak ziren.

Ondorioz, erromatarren interesak ere desberdinak izan ziren.